15/10/27

Brasiltik bueltan

Egunon guztioi.
Atzo bertan heldu ginen Brasiltik, eta hementxe gaituzu prest lanean jarraitzeko.

Hona hemen bertako kronika txikia, UPV/EHUko komunikazio bulegoak bidalia, link honetan.

UPV/EHU, Brasilen

Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarearen V. Biltzarrean parte hartu du

Urriaren 20tik 23ra da egitekoa Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sareak antolaturiko "Derecho, Filosofía, Economía, Sociología, Psicología y Educación en un Mundo Global" nazioarteko V. biltzarra, Natalgo Universidade Federal Do Rio Grande Do Norte unibertsitatean, Brasilen. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zuzentzen du Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea, eta Latinoamerikako 12 herrialdetako 16 unibertsitatek osatzen dute gaur egun.
Biltzarrari hasiera emateko ekitaldian honako hauek izan ziren: Angela Maria Paiva Cruz, Universidade Federal do Rio Grande do Norte unibertsitateko errektorea; Nekane Balluerka Lasa, UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreordea; eta Francisco Javier Caballero Harriet, Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarearen zuzendaria eta Nazioarteko V. Biltzarreko burua. Hasierako hitzaldia, berriz, Juan Ignacio Pérez Iglesias Fisiologian katedradunak eta UPV/EHUko Zientzia Kultura Katedraren koordinatzaileak eman zuen, "kultura eta giza eboluzioa" gaia ardatz hartuta.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak zuzentzen duen Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea bi urterik behin elkartzen da nazioarteko biltzar batean, ezagutza partekatzeko eta sareko doktoregaiak beren ikerketen alorrean egiten ari diren aurrerabideak aurkezteko. Orain arte lau edizio antolatu dira: Dominikar Errepublikan, Perun, Mexikon eta Guatemalan. Aurten, urriaren 20tik 23ra, bosgarren biltzarra egingo da Natalgo Universidade Federal Do Rio Grande Do Norte (UFRN) unibertsitatean, Brasilen.
"Biltzar honek agerian uzten du Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta Latinoamerikako hainbat unibertsitatek elkarlanean dihardutela eta emaitza onak lortzen ari direla, Latinoamerikan ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia gidatuko duten pertsonak trebatzeko. Doktoregai asko biltzen da biltzar finkatu honetara, sarearen esparruan egiten ari diren lanen berri izateko eta sinergiak ezartzeko asmoz" adierazi du Nekane Balluerka Lasak, UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreordeak.

Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea

Europako eremutik harago, graduondoko ikasketen esparruan, Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea sortu zen duela zazpi urte, 2008an. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak zuzentzen du, eta, sortu zenetik, bertako irakasleek unibertsitate masterrak eta doktorego programak irakatsi eta doktorego tesiak zuzentzen dizkiete Latinoamerikako ikasleei. Gaur egun, 12 herrialdetako (Peru, Dominikar Errepublika, Txile, Bolivia, Mexiko, Brasil, Guatemala, Puerto Rico, Kolonbia, Venezuela eta Ekuador) 16 unibertsitatek osatzen dute sarea, baina aurki beste unibertsitate batzuk batuko zaizkio. Sare hau nagusiki honako arlo hauetan aritu da: Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Hezkuntza, Informatika eta Hizkuntzalaritza. Hala ere, beste alor batzuk gehitzeko lanetan ari dira: besteak beste, Medikuntza, Biologia eta Ingeniaritza. Azken urteotan, 300 egresatutik gora izan dira, eta 100 doktorego tesi baino gehiago defendatu dira.
"Sare honen bidez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen sareak nabarmen areagotu du Latinoamerikako hainbat unibertsitaterekin duen elkarlan akademikoa, bai eta hango herrialdeetako gobernuekin duen lankidetza zuzena ere. Horri esker, gure unibertsitatea nazioartean hedatzea lortu dugu, eta, horrez gain, Euskal Herriak Latinoamerikan duen presentzia indartu" esan du, amaitzeko, UPV/EHUko Graduondokoen eta Nazioarteko Harremanen errektoreordeak.

Argazkiak: UPV/EHU
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina